XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Russula fellea (Fr.: Fr.) Fr.

Eusk.: Gibelokre konpotausaina. Cast.: Rúsula de hiel. Fr.:Russule trompeuse, Russule de fiel

Russula generoa taldeka banatzen da.

Mikologo guziek ez dute ezaugarri bera hautatzen sailkapena egiteko eta horrela, kolore, zapore, espora-jalkin eta erreaktibo kimikoekiko aldaketen araberako banaketak aurkituko ditugu.

Russula-k makrokimikoki ikertzeko erreaktibo erabilienak hauek dira: anilina ura, %10eko sulfato ferrosoa, %2ko fenola, amoniakoa, sulfobanilina eta guaiako-tindura.

Mikroskopioz berriz: melzer likidoa (iodoa, potasio-ioduroa, klorala), sulfobanilina eta amoniako-kongoa.

Russulen ikerpenerako oso lagungarriak dira erreaktibo kimikoak.

R. fellea perretxiku berantiarra da.

Udazkenean ateratzen da, pagoen azpian batez ere, eta oso gutxitan haritz edo koniferoen azpian.

Txapela hasieran hemisferikoa da, gero laundua, eta 5-9 cm-ko diametroa du.

Txapeleko azala kolore okre uniformekoa da, liskatsu samarra eguraldi hezean, eta lehor dagoenean leuna eta distiratsua.

Ertza leuna, ez ildaskatua.

Orriak aski hertsiak, adnatuak eta hankaren kolorekoak.

Hanka betea eta zilindrikoa, baina lodiagoa oinaldean.

Txapelak baino kolore zurbilagoa du hankak, eta argixeagoa goialdean.

Mamia kolore okre-kremakoa.

Zapore mingarra du eta sagar konpotaren usain goxoa dario.

Esporak zuriskak eta eliptikoak dira eta apaindura amiloide erdisaretua du.

Bere zapore mingarra dela eta, Russula hau ez da jangarria.

R. ochreoleuca-k antz handia du, baina txapelak kolore okre-horia du, ez okrea, eta hanka zuri-grisaska da, ez okrea.

Honen mamiak ez du inongo usainik gainera.